IBILGAILU ELEKTRIKO BAT EDUKI NAHI DUT

Gaur egun, ibilgailu elektriko bat erostea zuzenean lotuta dago etxeko KARGAGUNE bat edukitzearekin (lotutako kargagunea deritzona), gauez bateria kargatu ahal izateko eta eguna ahalik eta autonomiarik handienarekin hasteko.

Batzuek karga-ekipoa euren kabuz erosi eta geroago instalazioa eta legalizazioa kontrolatzea erabakitzen dute, baina pertsona gehienentzat gomendagarriena da instalatzaile elektrikari baimendun bati edo karga-zerbitzuen hornitzaile bati eskatzea kargagunea eta instalazioa.

Karga-zerbitzuen hornitzaile bat elektrizitate-konpainia bat izan daiteke, esate baterako, eta erantzun integrala eskaini ahal dizu: kargagunearen erosketa, instalazioa, legeztapena eta bermea, eta elektrizitatearen faktura bera. “Arazoa” konpontzeko modu erraz samarra da. Instalatzaile elektrikari batek lotutako kargagunea erosten eta instalatzen lagundu ahal dizu, argia kontratatzen diozun elektrizitate-konpainia zein den gorabehera. Gomendagarriena da galdetzea eta aukera biak erkatzea.

Edozein kasutan ere, ondo legoke gauza pare bat jakitea kargagune bat jartzeari buruz:

  1. Instalazioaren obra eta elektrizitate-sarera konektatzeko obra egiteko, zein den instalazio-eskemarik egokiena (aurrerago, atal honetan, dauden instalazio-eskemak deskribatuko ditugu). Instalatzaileak edo hornitzaileak zure kasuan eskema egokiena zein den jakinarazi behar dizu.
  2. Kargagunearen legeztapena. Prozesu hau instalatzailearen erantzukizuna da (zure kezka bakarra izan behar da egin dezatela ziurtatzea). Besteak beste, diseinuaren memoria teknikoa prestatu behar dute (erabiliko den konexioaren eskemarekin) eta CIE dokumentu ofiziala (elektrizitate-instalazioen ziurtagiria) eman, ziurtatzeko instalazioa ITC-BT-52 tentsio txikiko araudi elektroteknikoaren arauen arabera egin dela. Ziurtagiri horrek Industria Sailaren zigilua eduki behar du; beraz, instalatzaileak Industria Sailean aurkeztu beharko du.

Eta zenbat balio du?

Lotutako kargagune bat garaje komunitario batean instalatzen badugu (kasurik ohikoena izan daitekeena), prezioa garajearen tamainaren arabera eta aparkatze-plazatik elektrizitate-instalaziora dagoen distantziaren arabera aldatuko da. Baina, kasurik gehienetan, aurrekontua 1.500 eta 2.000 euro artekoa izan daiteke. Hori kasurik gehienetan erreferentzia izan daiteke, barnean hartuta kargatze-ekipoaren (wallboxaren), elektrizitate-koadroaren eta kableen erosketa, instalatzailearen zerbitzuak, eta BEZa.

INSTALAZIO-ESKEMARIK egokienaren kasuan, ordea, garaje komunitarioa daukan pertsona baten ikuspegitik, hainbat aukera daude:

Geure kontagailua erabiltzea

Norberaren elektrizitate-instalaziotik deribazio bat egingo genuke, etxebizitzaren elektrizitatea hornitzeko kontratua aprobetxatuz. Deribazio hori kontagailutik egin daiteke (normalean zero solairuan, instalazioa errazteko, kable metro gutxiago erabiltzeagatik), edo etxebizitzako koadro orokorretik, kable metro gehiagorekin eta instalazio garestiagoarekin, baina kargagunea elikatzen duen zirkuitu-linea zuzenean kontrolatuz.

Garajeko kontagailua erabiltzea

Plaza ez badago bizi garen eraikin berean (edo arrazoi teknikoengatik edo araudiarengatik ezin badugu geure kontagailutik deribazioa egin), deribazioa garajeko elektrizitatearen kontagailutik egin daiteke. Kasu hauetan kontagailu sekundario bat beharko da deribazioan, garajeko jabe-erkidegoak kargagunean kontsumitutako elektrizitatea kobratu ahal izateko.

Hornidura berria erabiltzea

Kasu honetan, ez litzateke deribaziorik egingo aurretik zeuden kontagailuetatik; horren ordez, elektrizitate-hornidura berri bat kontratatuko litzateke, bere kontagailu nagusiarekin (halere, aldian behingo kostu finko batzuk izango lituzke). Aukera hau egokia da baldin eta kargagune bat baino gehiagorako bada eta/edo garaje oso handietarako bada. “ Enborreko instalazioa ” edo aurreinstalazioa ere esaten zaio. Instalazio berriaren kontagailu nagusitik, kontagailu sekundarioak deribatuko lirateke kargagune bakoitzerako.

Edozein aukerarekin ere, garaje komunitario batean kargagune bat jarri ahal izateko, beharrezkoa da (eta nahikoa da) komunitateko presidenteari edo finken administratzaileari idatziz jakinaraztea. Enborreko instalazioa egin ez den garajeetan, komunitate guztiak argi baldin badauka kargagune berri horrek ez duela guztien elektrizitatea kontsumitzen, gaizki ulertuak eta susmo txarrak galaraziko dira.

Azkenik, lotutako kargagune bat jartzea pentsatzen ari bazara, hona hemen datu interesgarri batzuk:

Kontratatutako gutxieneko potentzia

Zure elektrizitate-fakturaren kostu finkoa da. Aldi berean kontsumitu ditzakezun kilowatt (kW) kopurua da (finean, zenbat etxetresna elektriko piztu ditzakezun aldi berean). Kargagune normal batek 3,7 kW kontsumitu ditzake, eta garbigailu edo labe arrunt batek 2 kW baino gutxixeago. Beraz, kasurik gehienetan, kargagunea instalatzeko ez da beharrezkoa izaten kontratatutako potentzia gehitzea, batik bat kargaguneak gauez kontsumitzen duelako energia. Hala eta guztiz ere, kontuan izatea komeni da.

Tarifa motak

Tarifa batzuetan ordutegia kontuan izaten da: kWh bakoitzeko prezioa merkeagoa da ordu jakin batzuetan eginez gero, baldin eta eguneko gainerako orduetan gehiago ordaintzen bada. Berez, ez da bakarrik gaueko tarifa: egunean 14 ordu merkeago eskaini ohi dituzte. Ibilgailu elektriko bat badaukazu, abantaila handia izan daiteke zure elektrizitate-konpainiaren haraneko tarifa edo super-haraneko tarifa kontratatzea.

Tarifa horiez gain bada tarifa berezi bat ibilgailu elektrikoak dituzten gidarientzat. Tarifa honek hiru denboraldi ditu, eta ez bi: ordutegi berri bat sartzen du, gaua haraneko orduen eta super-haraneko orduen artean banatuz. Ordu horiek goizaldeko ordu batetik goizeko zazpiak arte dira. Aukera bikaina da ibilgailu elektrikoen gidarientzat, autoa gauez kargatu ahal dutelako, ahalik eta merkeen. Tarifa horiek enpresa askotan kontratatu ahal dira, bezeroaren arreta-zerbitzuaren bidez.

Kargagailu motak

Hainbat kargagailu mota daude merkatuan lotutako karga motelaren 3. moduan. Wallbox izena jasotzen dute (hormako karga-basea). Batzuek mahukan daukate konektorea. Beste batzuek, berriz, kargaren hartunea edo entxufea baino ez dute; horrelakoetan, mahuka edo kablea ibilgailuan gorde behar duzu. Gogoan izan behar dugu ibilgailu elektriko guztiek ez daukatela karga-konektore berdina (ikusi “Karga-konektoreen motak”). Gaur egungo wallbox batzuek kargako erregulazio automatikoko sistema bat daukate, karga ahalik eta potentziarik handienarekin egin ahal izateko, betiere kontratatutako mugaren azpitik.

Enborreko instalazioa

Eraikinen energia-eraginkortasunari buruzko azaroaren 23ko 19/2009 Legearen hirugarren artikuluak 3. apartatua erantsi zion Jabetza horizontalaren uztailaren 21eko 49/1960 Legearen 17. artikuluari, eta adierazten du kargagune bat jartzeko nahikoa izango dela garajeko jabe erkidegoari jakinaraztea. Horrela, aurre-instalazioa edo enborreko instalazioa batera aurreikusi ahal izango da (kargaguneren bat nahi duen jende gehiago badago), nahiz eta aurre-instalazio hori nahitaezkoa izan ez.