IBILGAILU ELEKTRIKOAREN MITOAK ETA EGIAK

Autonomia gutxi dute

Lehenengo auto elektrikoekin hala gertatzen zen arren, hau aspaldi aldatu zen. Teknologiak azken urteetan izan duen eboluzioarekin, dagoeneko 250-350 km arteko autonomia errealak izan ditzakegu (gama altukoek 500 km baino gehiagoko autonomia izan dezakete). Egia da autonomia maila hori kanpoko faktoreek baldintzatu ahal dutela (klima hotza edo beroa, eta antzekoak), baina modu berean egia da baterien sektorea oso azkar egiten ari dela aurrera.

Ezin da bidaia luzerik egin.

Esaten dute ezin omen dela bidaia luzerik egin auto elektrikoarekin, baina errealitatea oso bestelakoa da. Ibilgailu elektrikoen autonomia gero eta handiagoa da gaur egun, eta kargaguneen sarea, modu berean, gero eta hedatuago dago, bai Estatuan, bai nazioartean. Marka batzuek adierazten dute Europan kargagune bat aurki daitekeela 120 km bakoitzeko. Gasolinazko ibilgailuen aldean, ibilgailu elektriko batekin bidaia luze bat egin ahal izateko, beharbada ibilbideak hobeto planeatu beharko dira, lasaitasunez bidaiatu ahal izateko.

Elektrizitatearen zalantzazko jatorria

Gaur egun ukaezina da ibilgailu elektrikoek kontsumitzen duten elektrizitateak emisioak dituela. Elektrizitatearen sorkuntza energia berriztagarriaren proportzioaren mende dagoenez gero (elektrizitate-mixa), ez da okerra esatea ibilgailu elektriko batek emisioak zeharka sortzen dituela, baina ez bere erabileran. Ordea, kontuan hartzen badugu gaur egun Estatuan sortzen den energia elektrikoaren % 62 inguruk ez daukala karbono-emisiorik (energia eolikoa, fotovoltaikoa, hidraulikoa, nuklearra, …) eta hortik ondorioztatzen badugu 1 kWh sortzeko 321 gramo CO2 ateratzen direla (datu ofizialen arabera), esan dezakegu, are zeharkako emisio hauek kontuan izanik ere, ibilgailu elektrikoaren energia-kontsumoa eta CO2-emisioak gasolinazko autoaren laurdena baino ez direla, gutxi gorabehera. Ez dezagun ahaztu, gainera, energia berriztagarrien proportzioa gero eta handiagoa dela elektrizitate-mixean; beraz, zeharkako emisioak gero eta txikiagoak izango dira.

Emisioak, gutxi gorabehera
100 km, gasolinazkoa 15,43 kg de CO2
100 km, elektrikoa 4,59 kg de CO2* * zeharkakoa elektrizitate-mixean

Baterien fabrikazioak gehiago kutsatzen du gasolinazko auto batek bere bizialdi osoan kutsatzen duena baino.

Batzuek esaten omen dute ibilgailu elektriko baten bateria fabrikatzeko CO2-emisio gehiago sortzen direla, gasolinazko modelo batek bere bizialdian egingo dituen kilometro guztietan sortuko dituena baino.

Gaiaz egin diren ikerketa urrietako baten kalkuluek adierazten dute bateria fabrikatzeko 50 kg CO2 inguru sortzen direla kWh bakoitzeko. Horrek esan nahi du 64 kWh-ko bateria daukan ibilgailu elektriko batek 3.200 kg CO2 igorriko dituela bere bateria fabrikatzean eta, 200.000 kilometroko bizialdian, beste 9.180 kg CO2, zeharka, erabilitako elektrizitatearen ondorioz. Batura 12.380 kg CO2 da, hau da, gasolinazko ibilgailu baliokide batek bere bizialdian emititu ahal duen CO2tik urrun (30.860 kg). Hau da, baterien fabrikazioa eta kontsumitutako elektrizitatearen sorkuntza kontuan izan arren, ibilgailu elektriko baten zeharkako emisioak gasolinazko ibilgailu baten zuzeneko emisioen heren bat baino pixka bat gehiago baino ez dira. Proportzio hau are txikiagoa izango litzateke errekuntza-ibilgailu baten zeharkako emisioak ere kontuan izango bagenituzke: petrolioa ateratzea, birfintzea, garraiatzea, olioaren inpaktua, iragazkiak, … Nolanahi ere, ez daukate partikulen emisio kutsagarririk ez nitrogeno oxidorik (zuzenean ez zeharka), eta horiek dira hiri handien arazo nagusia gaur egun.

Bateriaren bizialdia laburra da

Hau izan ohi da ibilgailu elektrikoen borroketako bat gaur egunera arte. Ibilgailu elektrikoaren bizialdian bateria berria jarri beharko balitzaioke, proportzioan garestia izan liteke (marka batzuen iritzian, bateriaren kostua autoaren kostu osoaren % 30 edo % 40 da). Horregatik, marka batzuek 7 urtera arteko bermeak eskaintzen dituzte, edo beste formula batzuk, hala nola baterien alokairua, benetan interesgarri suertatu daitezkeenak. Hala eta guztiz ere, ikusten ari gara bateria berrien bizialdia ibilgailuaren bizialdia bezain luzea dela. Beraz, bateria ordeztearen kostuaren arazoa desagertzen ari da.

Elektrizitate-sareen kolapsoa

Uste hau ere oso hedatuta dago baina, zorionez, nazioartean gezurtatu da: ibilgailu gehienak elektrikoak direnean energia elektriko nahikoa egongo ote den. Zenbait herrialdetako energia-hornitzaileen elkarteek adierazi dute ondo prestatuta daudela eskaera honi aurre egiteko (zenbait milioi ibilgailu elektriko), etorkizuneko ikuspegi horiekin.

Aseguruak garestiagoak dira

Duela urte batzuk bai. Baina ibilgailu elektrikoak ugaritu direnez, aseguruen prezioa apurka-apurka murriztu da. Eta gaur egun auto elektrikoen aseguruak, sarritan, diesel edo gasolina auto baten berdintsuak dira.

Ez dira hain azkarrak, potenteak, ezta seguruak ere

Batzuek uste dute ibilgailu elektriko batek ezin duela eduki abiadura handi bat edo ez daukala potentziarik; bada, erantzun behar zaie ibilgailu elektriko batek errekuntza-autoen abiadura berbera izan dezaketela (baimendutako 120 km/h baino gehiago). Are gehiago, modelo baliokideetan azelerazio handiagoa dute eta haien par motorra (gurpiletako indarra) berehalakoa da, eta ez mailakatua, gasolinazko edo dieselezko modeloen moduan. Segurtasuna, berriz, baldintza guztietan bermatuta dago: ibiltzen, kargatzen, euriteetan, basamortuko bero-galdatan edo zero azpiko tenperaturetan, elektrizitate-deskargetatik babesturik. Alemaniako ADAC-en proben arabera, sute-arrisku txikiagoa dago ibilgailu elektriko batean, errekuntza-motorra duen batean baino.