Zenbat kutsatzen du ibilgailu elektrikoak?
% 100 elektrikoak diren ibilgailuek ez dute kutsatzen ibiltzen direnean. Hibrido entxufagarrien kasuan, kutsadura 60 gr CO2 inguru da kilometro bakoitzeko, eta autonomia luzatuko ibilgailuen kasuan, 40 gr CO2 inguru kilometro bakoitzeko. Informazio gehiago aurkitu dezakezu “Ibilgailu elektrikoaren abantailak” atalean eta “Mitoak eta egiak” atalean.
Zenbat diru balio du ibilgailu elektriko bat kargatzeak?
Ibilgailu elektriko bat kargatzearen kostua kontratatutako tarifaren arabera eta ibilgailuaren bateriaren kapazitatearen arabera aldatuko da. Oro har, kWh bakoitzaren prezioa, batez beste, 0,07 euro da gauean eta 0,15 euro egunean. Bateria osorik kargatzearen prezioa kalkulatzeko, kWh bakoitzeko prezioa eta bateriaren kapazitatea (kWh-tan neurtuta) biderkatu beharko genituzke.
Adibidez, 64 kW-eko kapazitate handiko bateria bat (500 km inguruko autonomia omen duena) haraneko orduetan osorik kargatzearen prezioa 4 euro baino gehixeago izan daiteke. Informazio gehiago aurkitu dezakezu “Ibilgailu elektrikoaren abantailak” atalean.
Zenbat denbora behar da ibilgailu elektriko bat kargatzeko?
Kontuan izanik zein kargagune mota erabiltzen dugun eta bateria zenbateraino kargatu behar dugun (% 50? % 80? % 100?), kilometro gehiagoko edo gutxiagoko autonomia izango dugu (informazio gehiago aurki dezakezu “Karga motak eta moduak” atalean).
Baina demagun 60 km egin behar ditugula egunean (Estatuan, batezbestekoa 23 km/egun da), eta ibilgailu elektrikoa etxeko entxufe bati konektatzen diogula (schuko, 1. nahiz 2. moduak), 3,2 kW-an. Kontuan izanik gaur egungo ibilgailu gehienen kontsumoa 14 kWh baino gutxiago dela 100 km egiteko, ondorioa da autoa 2 ordu eta erdi baino apur bat gehiago kargatuz gero eguneko joan-etorria egin ahalko dugula. Wallbox bat badaukagu (3. modua), are denbora gutxiago beharko dugu.
Eraginkorragoa da ibilgailu elektrikoa, ibilgailu arrunta baino?
Erabat. Ibilgailu elektrikoa eraginkorragoa da, energiaren aldetik, betiko errekuntza-ibilgailua baino. Informazio gehiago aurkitu dezakezu “Ibilgailu elektrikoaren abantailak” atalean.
Elektrizitatearen hornidurarekin arazorik egon daiteke?
Espainiako Elektrizitate Sarearen kalkuluen arabera, gaur egungo elektrizitate-eskaerarekin, sorkuntza-sistemak 6,5 milioi ibilgailu hornitu ahal ditu, instalatutako kapazitatea handiagoa behar izan gabe (une honetan 100.000 ibilgailu elektrikotik urruti gaude oraindik Estatuan). Gainera, ibilgailuen karga kudeagarria haraneko orduetan aukera ona da mugikortasunaren kostua murrizteko, elektrizitate-sistemaren eraginkortasuna gehitzeko, eta energia berriztagarriak integratzeko. Informazio gehiago aurkitu dezakezu “Mitoak eta egiak” atalean.
Ez daukat aparkaleku komunitariorik. Auto elektrikoa eduki dezaket?
Egia esan, garaje-plazarik gabe edo lotutako kargagunerik gabe, ibilgailu elektrikoa edukitzea oso zaila izan daiteke. Kargagune bat daukan udal aparkalekuetako batean plaza bat edukitzea izan daiteke konponbidea. Interesik baduzu, galdetu egiguzu.
Euria arazoa izan daiteke?
Elektrizitatearen eta uraren arteko harremanak kezka sortu ohi du pertsona askoren artean, elektrokutatzeko arriskua omen dagoelako. Baina errealitatean arrisku hori ez da ia existitzen. Fabrikatzaile guztiek, legez, bateriak babestu behar dituzte, eta korrontetik deskonektatzeko sistemak jarri behar dituzte ibilgailuetan.
Ibilgailu elektrikoak euri-tuneletan sartzen dira presio handiko txorrotekin eta 800 mm/h-ko euriteekin, zaparrada gogorren antzean. Gainera, 40 cm-rainoko ur-putzuak dituzten zonetan ibiltzen dira, autoaren beheko aldea eta bateriak urpean joanda, ondo dabiltzan ikusteko.
Kableei eta konektoreei ere hainbat proba egiten zaizkie urarekin. Horrela, guztiz lasai egon gaitezke, nahiz eta ibilgailua entxufatuta eta kargatzen egon eta euri-jasa ikaragarria egon. Informazio gehiago aurkitu dezakezu “Mitoak eta egiak” atalean.