Historian lehen aldiz, % 100 elektrikoa den auto batek munduan gehien saltzen den titulua lortu du, merkatuko ibilgailu guztiak kontuan hartuta, eta hori, zalantzarik gabe, mugarri bat da automobilaren industria osoarentzat. Zehazki, Tesla Model Y autoa izan da, 1,1 milioi unitate inguru salduta, munduko turismo salduena, Toyota Corolla, sailkapen horretan bigarrena izanik. Esan beharra da Toyota Corolla ospetsuak 60 urte behar izan zituela munduko salmenten lehen postura igotzeko. Tesla Model Y autoak bost urte baino ez ditu kaleratu zenetik, eta gainera, lider berriaren prezioa Toyotarena baino bi aldiz handiagoa da. Hala eta guztiz ere, munduko salduena izan da.
Azken urteotan, mundu osoan, ibilgailu % 100 elektrikoen salmenten igoera ikusgarria izan da. 2012an, duela hamarkada bat pasatxo, auto elektrikoen munduko salmentak 100.000 unitate baino ez ziren izan. Iaz 13,7 milioi izan ziren.
Europan ere Tesla Model Y autoak 2023. urtea amaitu zuen gehien saldutako automobil gisa, propultsio-teknologi guztiak kontutan izanda (gasolina, diesela, hibridoak…). Ia 255.000 Tesla Model Y saldu ziren. Atzetik, Dacia Sandero ia 236.000 unitatetan geratu zen. Lehen aldia da % 100 elektrikoa den auto bat Europako rankingean liderra dela, baita aro modernoan lehen postuan jartzen den lehen auto ez-europarra ere.
Tesla Model Y-ren arrakasta, neurri handi batean, markak egindako prezio-doikuntza etengabeen ondorio da, eskaria uste gabeko mugetaraino bultzatuz. Eta merkealdi berriak baietsi dituzte etorkizunean.
2023AN MUNDUAN ETA EUROPAN GEHIEN SALDU DEN AUTOA % 100 ELEKTRIKOA IZAN DA
2024(e)ko urtarrilaren 19a