OINARRIZKO KONTZEPTUAK

Ibilgailu elektrikoen bateriak funtsezko osagaia dira honelako ibilgailuak erakargarriagoak eta interesgarriagoak izan daitezen erosleentzat. Gero eta autonomia gehiago eskaintzen dute eta kostua gero eta merkeagoa da. Bi faktore horiek etengabe ari dira aldatzen, eta etorkizunean mugikortasuna % 100 jasangarria izango dela ziurtatzen dute.

Berunezko eta azidozko bateria zaharrak baztertuta (astunak, handiak eta kutsagarriak ziren, baina baita iraunkorrak eta merkeak ere), teknologiarik hedatuenak hauexek dira:

Ni-MH bateriak (nikela, metala, hidruroa)

Ni-Cd (nikel-kadmio) baterien eboluzioa dira; kadmioaren eragozpenak baztertzen dituzte (garestia eta kutsagarria da), eta iraupen luzea eskaintzen dute, karga-ziklo askorekin, nahiz eta memoria-efektua izan. Gaur egungo ibilgailu hibrido askotan daude.

Litio-ion bateriak (LiCoO2)

Litio-ion bateriek teknologia berria dute oinarri (sakelako telefoniatik datorrena). Halere, gaur egun, ibilgailu elektrikoetan gehien erabiltzen direnetako bat dira, abantaila asko dituztelako: energia-eraginkortasun handia, tamaina txikia, karga-ziklo asko, birziklatze erraza, eta memoria-efekturik ez. Heldutasun txikia duenez gero, produkzio-kostua handia da eta hauskor samarra da.

Litio polimerozko bateriak

Litio ionen (litio-ion) teknologiaren antzekoa du, baina energia-dentsitate handiagoarekin, potentzia handiagoarekin, diseinu oso arinarekin eta memoria-efekturik gabe. Ordea, garestia da, bizi-ziklo laburra du, eta ez da egonkorra, gainkargen ondorioz; horregatik guztiagatik, ez da oso alternatiba hedatua.

ZEBRA bateriak

Gatz urtuko bateriak ere esaten zaie. Bateria konplexuak dira eta eduki kimiko gehiago dute. Halere, energia-dentsitate handia eta oso potentzia interesgarria lortzen dituzte. Eragozpenak: lan-tenperatura handia, isolamendua eskatzen duena, eta galera termikoak, bateria erabiltzen ez denean. Autobusentzat egokiak.

Honako taula honetan, aipatutako teknologien ikuspegi erkatua ikus dezakegu:

BATERIA MOTAK
KARGAGARRIAK
Energia/pisua
(w/kg)
Energia/bolumena
(w/litro)
Bizi-zikloak Energia-eraginkortasuna
ZEBRA 125 300 1000 92%
Litio polimeroa 200 300 1000 90%
Litio-ion 125 270 1000 90%
Ni-MH 70 140 1350 70%
Beruna-azidoa 40 300 500 82%

Eta etorkizuna?

Badirudi etorkizun hurbila fase esperimentalean dauden teknologietatik etorriko dela, adibidez “aluminio-aire” baterietatik edo “zink-aire” bariantetik datozenetatik, bizi-ziklo hobeak ekarriko omen dituztenak; honelako bateriek gaur egungo litio-ion bateriek baino hiru aldiz energia gehiago biltegiratu ahal dute, tamaina berberarekin, eta askozaz ere merkeago.

Litiozko bateriek grafenoa erabiltzen dute energia biltzeko. Etorkizunerako aukera egokia dirudite, bai “litio-sufre” modalitatean, bai “litio-metal” modalitatean, une honetan fase esperimentalean daudenak; izan ere, oinarrizko litiozko baterien kapazitatea biderkatu ahalko lukete. Eskaintzen duten energia-dentsitateak errekuntza-ibilgailuen autonomia ere gainditu lezake. “Egoera solidoko” bateriak litiozko baterien beste aukera bat dira, garatze bidean daudenak. Honelako baterietan, elektrolitoa egoera solidoan mantentzen da, eta ez egoera likidoan. Horrela, autonomia gehiago, kargatzeko denbora gutxiago eta segurtasun handiagoa eskaintzen dituzte.

Argi dirudi urte gutxian ibilgailu elektrikoen kostua errekuntza-ibilgailuenen parekoa izango dela; emaitza globala askozaz ere merkeagoa izango da egunero erabiliz gero.

Memoria-efektua

Memoria-efektuak karga osoa egin ez duten baterien kapazitatea murrizten du. Bateria bat osorik deskargatu gabe kargatzen denean gertatzen da.