Isurketak murriztea eta jasangarritasuna
Hori du alde onen artean nagusia eta lehenengo aipatu beharrekoa. Ibilgailu % 100 elektrikoak biziki laguntzen du eguratsera isurtzen diren gai kutsagarriak gutxiagotzen eta tokian tokiko airearen kalitatea hobetzen. Bakoitzak erabakia hartzen badu erregai fosil kutsagarriak ez kontsumitzeko, lagundu egiten du mundu jasangarriago eta eraginkorrago bat sortzeko prozesuan, ezin ukatuzkoa da. Zero isurpeneko ibilgailuak dira. Zirkulazioan, ez dute isurtzen ez karbono dioxidorik, ez karbono monoxidorik, ez nitrogeno oxidorik, eta laino toxikorik ere ez dute sortzen.
Jabetzan edukitzeko kostua, orotara, txikiagoa du
Nahiz eta oraindik ere garestiagoa den ibilgailu elektriko bat erostea (oso denbora gutxi barru ez da horrela izango), gaurko egunean, dagoeneko, errentagarriago atera daiteke epe ertain/luzean. Arrazoi nagusia da aurreztu egiten dela, zeren eta ibilgailu elektrikoa betetzea merkeago ateratzen baita deposituak gasolinaz edo dieselez betetzea baino, hemen eskuineko taula honetako gutxi gorabeherako datuetan ageri den moduan.
Kontuan hartzekoa da, gainera, aurreztu egiten dela mantentze-lanetan, IAT-etan konponketetan, matrikulazioetan eta zergetan, eta bistan da zergatik. Ezin konta ahala web-orri daude kalkulatzen eta alderatzen dutenak zenbat ateratzen den guztira eta luzera erregailu fosilak erretzen dituen ibilgailu bat eta zenbat ibilgailu elektriko bat (taula horietan, urteko km-ak kalkulatu ahal dira, eta zenbat urte iraun dezaketen ere bai, eta ibilgailua kargatzeko puntu bat instalatzeak duen kostua ere bai). Alderatze horiek ematen dituzten emaitzak oso argigarriak izan ohi dira.
GUTXI GORABEHERAKO KOSTUAK | |
---|---|
100 Km gasolioa | 8€ |
100 Km diesela | 6€ |
100 Km elektrikoa | 1,4€ |
Kutsadura akustikoa murriztea
EBk erabaki du 2021ean nahitaezko izan dadila ibilgailu elektrikoetan ohartarazle elektrikoak jartzea; izan ere, ibilgailu elektrikoak, dabilenean, ia ez du zaratarik eragiten (burrunba bat bakarrik azeleratzen duenean eta gurpilak asfalto gainean bira egitean eragiten duena), eta, hala, gutxitu egiten dira hirietan eragiten den kutsadura akustikoa eta osasunari eragiten dion kaltea. Gidari gehienek diote ibilgailu elektrikoa gidatzea lasaigarria izaten dela oso.
Erraz gidatzekoa
Ibilgailu elektrikoak automatikoak dira (enbragerik gabeak), eta askoz ere errazagoa da haiek gidatzea. Finean, gidatzea ez da hain estresagarria izaten ibilgailu elektrikoetan, eta hiri barruan gidatzea ere ez da hain nekagarria izaten.
Pribilegioak hiri inguruneetan
Bilbon, zehazki, ez da oraindik ezarri horrelako neurririk (baina lehentxoago edo gerotxoago ezarriko dira); hala ere, geroz eta gehiago dira ibilgailu elektrikoentzako pribilegioak eskaintzen dituzten hiriak. Dela hiriguneetara sartu ahal izatea bera (aldiz, eragotzi egiten zaie erregai fosilak erretzen dituzten ibilgailuei edo EKO ez diren ibilgailuei), dela kalean dohainik aparkatzea, edo errail bereziak ezartzea haientzat eta abar.
Ahaztu gasolindegiak
ibilgailua etxean kargatzea gauez garajean dagoen artean, eta goizean bateria % 100 beteta dagoela irtetea, depositua bete beharraz ahaztuta (baldin eta distantziek aukera ematen badute, eta aukera hori egunik gehienetan eta pertsonarik gehienentzako egiazkoa izango da), sentsazio berri eta atsegingarria da lehen erregai fosilezko ibilgailua erabiltzen zuenarentzat.
Eraginkorragoak dira
Erregai fosilak erretzen dituen motor baten errendimendua % 20koa da. Hau da, erretzen duen energiaren bosten bat bakarrik aprobetxatu ahal du. Motor elektriko batek % 75eko errendimendua eskaintzen du, hau da, erretzen duen energiaren hiru laurden aprobetxatzen ditu. Jasangarritasunaren eta eraginkortasun energetikoaren ikuspuntutik, aldea itzela da.
Probatzen duenak berriro nahi izaten du
Berez ez da abantaila bat, baina datu honek erakusten du abantaila asko dituela, zeren eta ibilgailu elektriko bat gidatu izan duten pertsonen artean % 99k esan ohi du ez lukeela berriro erosiko erregai fosilezko ibigailu bat (Ibilgailu Elektrikoen Erabiltzaileei buruzko lehen inkestaren arabera).