IBILGAILU ELEKTRIKOEK % 3,3 MURRIZTU ZUTEN MUNDUKO PETROLIO ESKARIA 2021EAN

2022(e)ko uztailaren 12a

Astiro bada ere, ibilgailu elektrikoen salmenta planetako hidrokarburoen hilobia zulatzen hasi da. Dagoeneko nabaritzen da petrolio-upelen eskaria murriztu egin dela, zuzenean motor termikoko ibilgailuen ordez propultsio elektrikoko beste ibilgailu batzuk jartzeagatik. Kopuru zehatza eskariaren % 3,3 da 2021ean. Ehuneko horretan uzkurtu zen iaz munduko petrolio eskaria arrazoi horregatik.

Bloomberg NEFen datuen arabera, iaz eguneko 1,5 milioi petrolio-upel kontsumitzea saihestu zen, hau da, aurreko urtean baino % 3,3 gutxiago.

Gertaera batek atentzioa ematen du. Petrolioaren kontsumoaren murrizketa horren erantzuleak ez dira autoak, baizik eta ziklomotorrak, motozikletak eta trizikloak; izan ere, segmentu horretan eskariaren % 67ko jaitsiera eragin dute 2021ean. Azalpena Asiatik dator, hiri eta herrietan bi gurpileko ibilgailuak nonahikoak baitira, eta han eraldaketa elektriko azkarra gertatzen ari da mugikortasun mota horretan.

Bloombergek adierazi duenez, munduan petrolioaren eskaria azken urteetan gehiago jaitsi ez bada, gasolina erabiltzen duten EUS (SUB) modaren ondorio da, turismoek baino erregai gehiago kontsumitzen baitute.

Zifra horiek agerian uzten duten joerak munduko lurreko mugikortasunaren aurrerapenak itxaropenez behatzera garamatza; izan ere, dagoeneko ez dago atzera egiteko aukerarik elektrifikaziorako bidean. Eta zerumugan hidrogenozko motorra ere agertzen da, deskarbonizazio-panorama horretan lehen urratsak ematen ari dena. Adituek beste behin planteatzen duten zalantza da ea petrolio-desarmatze hau planetako klima-larrialdiak eskatzen duen bezain azkar gertatuko den.