MAIATZAREN 11TIK 17RA BILBOKO UDALAK ETA TELPARKEK IBILGAILU ELEKTRIKOAK DOAN KARGATZEA ERRAZTUKO DUTE AZKUNA ZENTROKO ETA INDAUTXUKO APARKALEKUETAN

2026(e)ko maiatzaren 8a

Bilboko Udalak, Iberiar Penintsulako mugikortasun- eta aparkaleku-zerbitzuetan liderra den Telpark-ekin lankidetzan, kanpaina berezi bat jarriko du abian, herritarrek doan kargatu ahal izan dezaten beren ibilgailu elektrikoa Azkuna Zentroko eta Indautxuko aparkalekuetan, maiatzaren 11tik 17ra arte.

Telpark-ek herritarrentzat konponbide irisgarri eta jasangarriak eskaintzeko eta, aldi berean, hiriak deskarbonizatzeko egiten duen apustuaren parte da ekimena, eta ibilgailuak erdi-azkar eta azkar kargatu ahal izango dira.

Zerbitzua eskuratzeko, erabiltzaileek Telpark aplikazioa jaitsi beharko dute. Aplikazio horren bidez, erabilgarri dauden karga-puntuak aurki daitezke denbora errealean eta, horrela, zerbitzura azkar eta erraz sar daiteke.

Guztira, 22 kW-ra arteko potentzia daukaten 13 kargagailu erdi-azkar eskainiko dira, eta 4 kargagailu azkar, bakoitza 120 kW-ra arteko potentziarekin; horrek aukera ematen du ibilgailu elektriko eta hibrido entxufagarri gehienentzat karga eraginkorra egiteko.

Esteka: https://www.bilbao.eus/cs/Satellite?c=BIO_Noticia_FA&cid=1279248203084&language=eu&pageid=3000075248&pagename=Bilbaonet%2FBIO_Noticia_FA%2FBIO_Noticia
Irudiaren iturria: Bilboko Udala – albisteak